Zer ikusi
Anue udalerria osatzen duten zazpi herriek (Olague, Burutain, Aritzu, Etulain, Etsain, Egozkue eta Leazkue) Nafarroako Mendialdeko landa-herrien ohiko itxura gordetzen dute, eta ugariak dira herri-arkitekturako ereduak. Etxe handiak, hiru solairukoak eta bi isuriko teilatudunak, gehienak XVIII. mendekoak. Harmoniaz egituratzen dituzte herriak, eta aitzakia ezin hobeak dira herri hauek bisitatzeko.
Arkitekturari dagokionez, aipatzekoak dira, halaber, elizak eta baselizak, labe exentuak eta garai bateko ikuztegiak. Bereziki aipatzekoa da Etxaide jaurerria, eta horren dorretxea.
Baztango Done Jakueren bideak udalerria zeharkatzen du, eta ibaiak eta errekastoak gurutzatzen ditu (Etulaingo Erdi Aroko zubia). Olaguen erromesendako aterpetxea dago.
Natur ondareari dagokionez, Kontzejuen herri-basoak eta Anueko herri-basoa dira aipatzekoak. Iparretik hegoaldera, pagadietatik hariztietara, eta horietatik pinu gorrietara eginen dugu. Paisaian Baratxueta dugu, haitz ebaki ikusgarriak dituen mendia. Ibarraren hondoan, landazabalak zelai, heskai eta zuhaizti zoragarriak ditu.
Adorraga natur eremuak haritz izugarri ederrak ditu, bisitariarentzat ikusgai.